ANTZEZLANA
···
SINOPSIA
Bor-bor batean dago Hezegunea. Udaberriko migrazioa hemen da! Iparrerantz doazen lehenengo bidaiariak heltzen hasi dira indarberritzeko premiaz. Prismatikoetatik adi-adi begiratzen baduzue, laster bereizi ahalko dituzue horietako hainbat. Gehienek alabeharrez ekin diote bidaiari bueltatzeko aukerarik izango duten ere jakin gabe. Zer oztopo aurkituko dituzte bidean? Zer helduleku… Xo, xo, xo… Begira, begira, begira!!
Batetik Bestera hiru urtetik gorako haurrei eta familiei zuzendutako umorezko antzerkia izango da. Giza migrazioei buruz hitz egingo dugu txorien migrazioen bidez. Umoretik helduko diogu gaiari eta txotxongiloen laguntzaz, zuzeneko musikaren uhinek hegalean altxatuko dituzte ikusleak antzokiko eserlekuetatik.
AZALPENAK
“Batetik bestera” umorezko sorkuntza originala izango da, euskaraz soilik gauzatuko dena. Gure hirugarren ikuskizun honetan, aurreko bietan legez, gure txikiak eta gazteak hazten laguntzeko helduon ezintasun, kontraesan eta ergelkeriak partekatuko ditugu.
Migrazioaren gaian sakonduko dugu umorearen bidez, haurrak indarkeriatik babesten, izugarrikeria ez dadin behin eta berriro errepikatu.
Aldi berean, ingurumenaren eta gure ondare naturalaren ezagutza, babesa eta maitasuna sustatuko ditu antzezlanak eta elkartasuna, elkarbizitza, kulturartekotasuna balorean jarriko ditu. Eta jakin-mina. Jakin-min asegaitza!
Txoriburu izango gara hausnarketarako abiapuntu izateko grinaz.